«Garai batean ez genituen egun ditugun baliabide teknologikoak, ezta gutxiagorik ere». Josu Garmendia Landaberri ikastolako zuzendariaren hitzak dira. Teknologiaren berriek eragina dute irakaskuntzan ere. Aurrerapen horiek oso nabariak dira bere mahai gainean: lehen ia kabitu ere egiten ez ziren paper pilak desagertu egin dira, ordenagailuengatik ordezkatuak izan dira. ‘Power Point fenomenoa’ indar betean da.
Elkarrizketa hasi baino lehen ‘Power Point’ bat lantzen ziharduen zuzendariak; gurasoek euren seme-alabak euskaraz hezteko irizpide eta jarrerei buruzkoa, hain zuzen. Teknologia aurreratuena edo metodo tradizionalak erabili euskararen erabilera sustatzeko, bi bideak dira zilegi. Zuzendariaren arabera, argi dagoena da gurasoaren papera funtsezkoa dela zeregin horretarako.
Non hasi zen zure ibilbide profesionala?
Oso urrutira joan gabe, hemen bertan hasi nuen nire ibilbide profesionala, Landaberri ikastolan. Gaur egun ere zentro horretan dihardut lanean, zuzendari gisa. Irakasle bezala ere aritu naiz hainbat urtetan.
Bai zuzendari bezala bai irakasle bezala jardun duzu; bi esparruetan duzu esperientzia, beraz. Zerk ematen dizkizu buruhauste gehiago, zure mahai gainean pilatutako txostenek ala ikasleek?
Zuzendaritzak ematen dizkit buruhauste gehiago, baina ez paper eta txostenengatik bakarrik. Horiek ere lanak ematen dituzte arren, gurasoen eta irakasleen kezkak ere badaude, alde batera utzi ezin direnak. Gainera, txostenak gero eta gutxiago pilatzen zaizkit, orain ordenagailuak hartu du leku hori. Irakasleen ardurak beste era batekoak dira, eramangarriagoak. Aitortzen dut lasaiago bizi nintzela irakasle bezala.
Irakasle lanbideari helduz, kalean bolo-bolo dabil irakasle lana erraza denaren zurrumurrua, izugarrizko pagotxa denaren ustea: opor luzeak, lanordu gutxi… Usteak erdia ustel?
Bai. Hain lan erraza eta hainbesteko pagotxa balitz, sartzen dena baina oraindik jende gehiago sartuko litzateke irakasle. Ni ez naiz kexatzen, gustura hartu nuelako ogibide hori, baina egia da baita ere beste pertsona batzuekin lan egiten
dugunok desgaste psikologiko handiagoa dugula. Hori dela eta, esango nuke irakasle lana ez dela hainbesteko pagotxa. Teorian gure oporrak hiru hilabetekoak dira gutxi gorabehera, baina praktikan abuztukoak bakarrik dauzkagu. Lanorduei dagokienez, badu berezitasun bat lan horrek, besteek ez dutena: irakaskuntzan etxera eramaten da lana. Irakaskuntzan lan egiten dugunok uneoro egon behar dugu edukiak berritzen, informatzen eta gauza berriak ikasten, teknologia berriek gero eta presentzia handiagoa baitute hezkuntzan. Ni irakasten hasi nintzenean ez neukan horrelako teknologia aurreraturik, ezta gutxiagorik ere.
Aldaketa asko sumatu dituzu irakaskuntzan hasi zinenetik gaur egunera arte?
Bai, baliabideen inguruan batez ere. Garai batean ez genituen egungo baliabideak, ezta gutxiagorik ere. Esaterako, idazteko makinak bagenituen, baina multikopistarik aldiz, ez. Hortaz, kopiak egiteko arrain-kola erabiltzen genuen, ero moduan ibiltzen ginen kopia sinple batzuk egiteko. Gaur egun, kalitate oso oneko kopiak erraz eta azkar atera daitezke. Bestalde, ikasleek txikitatik ordenagailuak aurrean edukitzen hasi dira, eta arbel digitalak ere baditugu ikastetxean. Gainera, haurrak askoz ere prestatuagoak etortzen dira etxetik garai batean baino, askoz ere nozio gehiago dituzte barneratuta, eta batzuk oso ongi erabiltzen dituzte ordenagailuak; zenbaitzuk irakaslea bera baino ere iaioagoak dira. Hori gutxi balitz, gurasoen filosofia ere aldatu da, irakaslea ezberdin ikusten dute. Irakasleek orain dela 30 urte eta orain duten irudia erabat ezberdina da.
Egungo gurasoek ez al dizuete gehiegi eskatzen irakasle eta zuzendarioi?
Bai, baliteke hala izatea. Kontua da gurasoek askoz ere denbora gutxiago igarotzen dutela etxean, gizartearen eskakizunak direla eta biek egiten baitute lan. Hortaz, denbora gutxiago dute bikoteek seme-alabekin partekatzeko. Denbora falta horrek heziketan eragina du, gurasoek ez dutelako behar adina denbora euren seme-alabei eskaintzeko. Gurasoek umeekin igarotzen duten denbora hori guztiz aprobetxatu nahi dute; sarritan eztabaidak saiheste aldera nahi dutena ematen diete kasketa har ez dezaten. Gauzak behar bezala irakatsi baino, nahiago dute umeak lasai egotea. Heziketan gabezia horiek direla eta, batzuek irakasle eta zuzendariongana bideratzen dituzte eginbehar horiek. Haurren heziketan arduradun nagusiak gurasoak dira: 2 urte arte ez dituzte eskolatzen, eta eskolatuta ere ikastolan hiruzpalau ordu igarotzen dituzte, egunaren gainontzeko orduetan gurasoen zaintzaren pean daude, baita asteburuetan ere. Bai, ikastolak ere badu eragina beraien heziketan, baina lehen esan bezala arduradun nagusiak gurasoak dira. Bidegabea da ardura hori bere osotasunean ikastolaren gain jartzea.
Hezkuntza eta hizkuntza, morfologikoki oso antzeko hitzak. Hezkuntzan gurasoak dira arduradun nagusiak; eta hizkuntzan (kasu honetan euskaran)?
Gurasoek etxean oinarri bat eman behar diete umeak euskararekin ohitu eta identifika daitezen. Bi bide daude horretarako: gurasoen hizkuntza ere euskara bada, etxeko giroa euskalduna bada edo gurasoen hizkuntza beste bat bada. Lehenengo kasuan, dudarik gabe gurasoek eman behar dute lehen urratsa. Bigarren kasuan ere etxean has daiteke euskaraz mintzatzen, baina ez badu horretarako aukerarik gurasoek bidea erraztu behar diote haurrari. Horretarako, eskolaratzeko orduan eredu egokia hautatu behar dute, zaintzaile bat jarri nahi badiote euskaraz dakiela egiaztatu beharko dute, etxean TVE jarri ordez ETB1 jarri beharko dute… Gurasoen jarrera ere funtsezkoa da: haurrak euskaraz egin eta aitak edo amak hablame en cristiano esanez erantzuten badiote, ez dira gauzak ongi egiten ari.
Zer moduzko osasuna du euskarak Landaberrin? Giro euskalduna arnasten al da?
Ez guk nahi adina, baina bai. Gurasoei balore horiek helarazten saiatzen gara. Horretarako, egitasmo batzuk ditugu martxan: adibide bat jartzearren, bi eta bost urte arteko umeentzat diren kantu eta jolas saioen ikastaroak antolatzen ditugu, euskara ez dakiten gurasoentzat bereziki, hauek ipuinak kontatzen, kantuak abesten… ikas dezaten. Zoritxarrez, guraso gutxik ematen dute izena egitasmo horietan. Horiez gain, brillet txapelketak antolatzen ditugu, ipuin kontalariak ekartzen ditugu, Jose Mari Agirretxe Porrotx ekarriko dugu hirugarren hiruhilekoan, Naroa Agirre ere ekarri genuen, Zigor Lanpre DJ lasarterra ere izan zen gurean… hainbat ekintza egiten ditugu euskararen alde. Gainera, kasualitatea izango da, baina elkarrizketa hasi aurretik Power Point horietako bat egiten ari nintzen, gurasoek euren seme-alabak euskaraz hezteko irizpide eta jarrerei buruzkoa. Gaur egun ordenagailua erabiltzen dugu gauza asko antolatu eta egiteko, eta irakasleok behartuta gaude ondo erabiltzen ikastera, atzeratuta geratu nahi ez badugu bederen.
Osasun kontuekin jarraituz, Zubietako erraustegiaren lehen harria jarri berri dute. Kontuan hartuz Lehen Hezkuntzako egoitza ere Zubietan dagoela, kezkatuta al zaudete? Ba al dago arriskurik?
Hasiera batean behintzat arriskurik ez dela egongo pentsatzen dugu. Hori bai, irakasleen artean eta gurasoen artean ikuspegi ezberdinak daude gai honen inguruan, sentsibilizazio maila altua da. Ikastolak kanpoan geratzea erabaki du, ez posizionatzea, iritzirik ez ematea.
Datuen arabera, Hego Euskal Herrian 2010ean baino 307 haur gehiago matrikulatuko dira 11/12 ikasturtean D ereduan. Datu pozgarria inondik ere.
Bai, hala da. Gero eta haur gehiago matrikulatzen dira eredu horretan. Landaberrin dauzkagun 72 plazak beteta dauzkagu, hainbat ume geratu dira matrikula egin ezinik. Hori bai, horrek ez du esan nahi umeak D ereduan matrikulatzeagatik horiek euskaraz jakingo dutenik automatikoki. Hori ere kontuan hartu behar da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario