Sinbolo hauek existetzen direnik ere ez nekien |
Lehengoan, Adobe In Design programan aldizkaria bukatzen ari nintzela, gauza batetaz ohartu nintzen. 'Momentu erromendikoak' izeneko artikulu bat idazten ari nintzen, eta testuari kolore apur bat emateko argazkiak sartzea otu zitzaidan. Hori dela eta, artikuluak mendian aurki daitezkeen pikaderoekin erlazioa zuenez, sexu-harremanak irudikatzen dituen argazki bat sartu nuen: arraren sinboloa eta emearen sinboloa elkarlotuta agertzen den bat.
Orduan, nire neskak esan zidan ea zergatik jarri nuen arra eta emea uztartzen dituen argazki bat. "Ez al dute ba bi gizonek edo bi emakumek sexu-harremanak izateko eskubide bera? Argazki hori jartzen duzun une beretik gero eta handiagoa den jende multzo bat diskriminatuko duzu". Begiak ireki zizkidan, arrazoi zuen.
Jende askori oraindik min ematen dio begietan sexu bereko bikote bat elkarri musukatzen ari direla ikusteak, edo kaletik lasai-lasai paseatzen ikusteak. "Hamaika ikusteko jaioak gara!", esaten dute askok. Gazteek barre egiten dute, bikotearekiko trufak eta isekak plaza osoan entzuten dira. Auskalo, beharbada hirugarren pisuan bizi den atsoak udaltzainei deitu die. Homosexualekiko eta herriko jaietako kontzertuen zaratagatiko kexak entzuteaz aspertuta daude udaltzainak, euren kafea bukatzen duten bitartean. Eguneroko erronda egiteko ordua da.
Robert L. Spitzer |
Bien bitartean, herriko anbulategian medikua iletik tiraka ari da. Hamaika liburu kontsultatu ditu dagoeneko, baina ez du inondik homosexualitatearen aurkako gaitzaren sendabiderik aurkitzen. Are gehiago, ez du gaitzik arriskutsu eta kutsakorrenen artean topatzen. "Robert L. Spitzer madarikatua! Arrazoi zuen nire lagun psikiatrak bere liburua erostea gomendatu zidanean. Ziur berak badakiela nola sendatu gaitz izugarri hau". Spitzer nor den ez dakizuenontzat (nik ere oraintxe deskubritu dut), Columbiako Unibertsitateko (New York) psikologia irakaslea da, eta orain dela hamar urte plazaratu zuen ikerketan homosexualitatea gaixotasun bat dela esaten zuen, sendagarria, hori bai.
Bere luxuzko etxeko sofan eserita dago handi-mandia, petrolio enpresa garrantzitsu baten jabea. Egunkaria irakurtzen ari da. Herriko kronikan homosexual bat bortizki eraila izan dela irakurri du. "Besterik ez dute merezi, horiek klase baxua baino oraindik ere beherago daude. Horrelako gaitzak beti jende apal eta mesprezagarriaren atea dute jotzen". Handi-mandiak sakelak billetez beterik dauzka, baina garuna hutsik. Ez daki inoiz existitu izan den jeinurik handienetako bat, Leonardo Da Vinci, homosexuala zela. Da Vinciz gain, beste hainbat ospetsu ere bere sexu berdineko gizon eta emakumeek erakartzen dituzte. Horien artean, Jodie Foster, Barney Stinson edota Elton John. Homosexualitatea ez da ez gaitza, ezta soilik jende apal eta umilaren kontua ere. Pertsona guztiak dira berdinak, eta guztiek dute eskubidea edozein sexuko inor maitatzeko, eta maitatuak sentitzeko ere.
Ismael Urzaiz |
Futbol talde handi bateko kirol zuzendariak bere jokalaririk onena saldu berri du. Kazetariak marrazoak bezala ari zaizkio haginka, odolusten. Entrenatzaileak hamar dei egin dizkio dagoeneko azalpenak eskatuz. Presidenteari jaten ari zen txuletaren hezurra zintzurrean geratu zaio eta ospitalean dago. Dena den, kirol zuzendaria lasai dago. Arratsaldean emango duen prentsaurrekoan azalduko ditu eragiketaren arrazoiak. "Homosexuala da sasifutbolari madarikatu hori. Arratsaldean bere ibilbidea lurpean geratuko da, eta ni zeruraino igoko naiz". Jokalaria saltzeagatik eskuratu duen diruarekin, entrenatzaile berri bat fitxatu gura du: Rudi Assauer. Entrenatzailearen ustez, homosexualek ez dute lekurik futbolean. "Horrela pentsatzen duten profesionalak behar ditugu gure taldean. Horrelako entrenatzaile batek ez du preziorik", pentsatzen du zuzendariak. Dagoeneko erretiratua dagoen Ismael Urzaiz aurrelaria ere homosexuala da, eta azken hamarkadako aurrelaririk onenetakoa izan da Espainiako Ligan. Ehun gol baino gehiago sartu ditu bere ibilbidean zehar.
Irakurtzen ari zareten artikulu hau idazten ari den sasikazetariak ondorio garrantzitsu bat atera du. Mende askotan zehar 'tabu' izan den gai hori gero eta onartuago dago gizartean, baina oraindik lan asko geratzen da egiteko. Gero eta jende gehiagok onartzen du bere benetako orientazio sexuala; gero eta jende gehiago aldatzen da espaloiz. Dena den, askok ez dute nahikoa espaloiz aldatzearekin, eta hiri osoa zeharkatu behar izaten dute. Zailtasunak handik eta hemendik.
Onartzen dut Matematika eta ni ez garela lagun onak. Ziur aski, ez nuke festa bakar batera ere gonbidatuko. Hala ere, gauza batetan erabat ados nago berarekin. Bat 'gay' bat beti dira bi, edozein kasutan ere.
No hay comentarios:
Publicar un comentario