miércoles, 9 de mayo de 2012

‘EZER EZ DA EGI EZ GEZUR; BEHATZEN DEN KRISTALAREN KOLOREAK GUZTIA BALDINTZATZEN DU’


Egia. Hori baino hitz zabal eta abstraktuagorik, gutxi. Gure bizitzaren oinarrietako bat da egia absolutuaren bilaketa, gizakia zergatik eta zertarako bizi den, zein helbururekin eta zer arrazoigatik. Dena den, egia ez da soilik horretara mugatzen. Grial Santua balitz bezala, denek egiten dute amets egia kontrolatzearekin, egiaren jabe izatearekin.

Izatez, izaki handinahia da gizakia. Guztiaren kontrola eduki nahi du, guztiari nahi dio sorbalda gainetik begiratu. Herrialdeak eta bihotzak konkistatzen ditu gizakiak, eta egia ere konkistatu nahi du, iritzi publikoa konkistatu nahi du.

Egiaren bilaketarako tresna lagungarri gisa sortu ziren hedabideak. Izan ere, denok daukagu egiaren jabe izateko eskubidea, demokraziak ez baitu teorian gizakien arteko ezberdintasunik onartzen. Honek ere ezin zuen salbuespen izan. Kazetariak izango ziren egia bilatuko zuten heroiak, aurkitu ondoren gizarteari helaraziko ziotenak. Baina misio heroiko horren tartean, beste behin ere, inoiz inor bakean uzten ez duen euli ipurtarin bat sartu zen, eta hedabideen zainetatik odola zurrupatu zuen, baita hedabideak osatzen dituztenenak ere. ‘Interesak’ izenez ezagutzen da euli hori. Aldez aurretik biktima aukeratu eta zast! Ez du hutsik egiten. Guztiak kutsatzen dira interesen birusarekin. Eta, gisa horretara, interesek ere hedabideak kutsatu zituzten, albo kalte oso garrantzitsuak eta konponezinak eraginez.

Interes horiek direla eta (ikus iritzi publikoaren kontrola, boterearen jabetza, informazioaren monopolioa, etab.) hedabideak igortzen zuten informazioa hautatzen hasi ziren. Tarta osoa ematetik soilik zatitxo bat ematera igaro ziren. Euren bokadilo tartean urdaiazpiko iberikoa sar zezaketela ikusi eta, mortadela herri xehearentzat utzi zuten, beraientzat hartuz urdaiazpiko gozo hori. Egiaren zati bat soilik ematen hasi ziren, zati txikiak eta askotan egi ere ez zirenak. Gezurra sortu zen orduan. Baina zer da gezurra? Bai, egia ez dena. Baina askoz ere gehiago da gezurra. Desinformazioa deiturikoaren giltza da gezurra.Gauzak zekitena zekiten moduan kontatzeari utzi zioten. Hasieran, gezurra plazaratzen zuten, baina errepikatzearen poderioz gezur hori egi bihurtzen zen, eta horrela hamaika aldiz. Gezurretatik eraikitako egiak. Jeniala, ezta? Egi transgenikoak sortu zituzten hedabideek, egi manipulatuak. Gezurraren hazitik ernetako egiak.

Gaur egun, interes extrakomunikatiboak direla eta, informazioa emateari utzi diote hedabideek. Informazioaren zati bat soilik ematen dute, beraiek nahi dutena, nahi duten moduan, nahi dutenean. Txorakeria dirudi, baina sekulako boterea adierazten du horrek. Izan ere, informazioa kontrolatuta daukanak boterea dauka. Informazioaren monopolioa daukanaren inguruan ez da kritikarik irakurriko. Gizakia handinahia baita, baina ez tontoa. Ez du bere irudia eta ondarea kaltetuko duen ezer idatziko, ez du bere aurka egingo. Hori, berriro diogu, sekulako boterea edukitzea da. Iritzi publikoaren kontrola edukitzea da. Zure inguruan dabilen informazio guztia ona bada, hitz txarrik ez bada argitaratzen zure aurka, nork eraitsiko zaitu boteretik? Ideia horrek zoratzen du gizakia, ideia horrek zoratzen ditu hedabide guztiak.

Noski, egon badaude tirania horren aurka altxatu diren ausartak. Hala ere, egunkari ezberdinak irakurtzean, irratiak entzutean, telebistako albistegiak ikustean erotu egin dira, hain ezberdina baita munduaren pertzepzioa kate batean edo bestean! Horrek Ramon de Campoamor poetak esandakoa berresten du: “Ezer ez da egi ez gezur; begiratzen den kristalak guztia baldintzatzen du”. Kristal ezberdinek osatzen dituzte hedabideen eskaparateak. Bakoitzak bere egia eskaintzen du, oso prezio onean. Trukean, egunkari horrekiko fideltasuna eta gai konkretu baten inguruan irakurleak hedabidearen iritzi berberaren garapena jasotzen ditu.

Azkenean, hainbeste egi eta informazioren gurutzaketaren eraginez, egia absolutuaren esentzia galdu egin da. Mundu guztiak uste baitu berak duela arrazoi, eta gainontzekoak mesprezatzen ditu horregatik, gerran hasten da herrialde bat bestearekin, interesengatik. AEBak Irakekin gerran hasten badira, hedabide amerikarrentzat beti egongo da irabazteko posizio ezinhobean AEBak, inoiz ez dute akatsik egingo, soldadu amerikarrak hilezkor bihurtuko dira egun batetik bestera. Berdin gertatuko da hedabide islamiarrekin. Hortaz, bi egi paralelo kontatuko dira aldi berean. Eta inork ez du jakingo zein den benetako egia, eta zein gezur ustela, orain arte jaso duen informazio pozoituak analisi ahalmena ezabatu duelako euren burmuinetatik. Bakoitzak egi bat kontsumituko du, bere egia, horretan sinetsiko du. Gertakariaren inguruan iritzi ezberdina dutenak arbuiatu eta mesprezatuko ditu. Gerra amaituko da. Ondoren, beste bat hasiko da. Hori da informazioaren ziklo infinitua. Denek dute arrazoi, denek dakite egia, baina aldi berean inork ez daki ezer. Soilik itzalpean txotxongiloaren hariak maneiatzen dituzten handi-mandiak mintzatu daitezke horren inguruan. Egun batean, aspertuko dira apika, eta benetako egia ezagutaraziko dute, txotxongiloa alde batera utziz.


Egun hori iritsi arte, erakusleihoak erreparatzen jarraitu behar, gure eguneroko dosiaren bila. Egi transgenikoak, guztiaren gainetik, adiktiboak baitira.