jueves, 22 de diciembre de 2011

'Eraiki ta iskanbila sor zazu'

Egunon denoi! Gaur Leioako Kanpuseko liburutegitik idazten ari natzaizue. Nola imaginatzen dituzue liburutegiak? Oro har, leku lasaiak, isilak eta lanerako aproposak izan ohi dira. Ziur aski horrela izango da munduko edozein liburutegitan, EHUkoan izan ezik. 

EHUko logo berria?
Sarritan komentatu izan diet klasekideei ea noizbait Campus hau obrarik gabe ezagutuko ote dugun. Urte eta erdi daramat bertan ikasten, eta oraindik ez dut egun bat bera ere igaro obren zarata desatseginik gabe. Fakultate eta ikasgela kanpoan zaratak egotea, tira, baina liburutegian egon bitartean segundoro taladro eta makinen burrunbak entzutea nahiko estresantea da. Gainera, azterketak datoz laster; estres eta urduritasun razio bikoitza denontzat. Nola ez dira izango ba ikasleon emaitzak gero eta okerragoak, liburutegia asteazkeneko azoka baino iskanbilatsuagoa bada...!

Beharbada, nire ezjakintasunak berriz ere ziria sartu dit, eta EHUren programaren barnean Obragintza Fakultate bat erantsi dute. Bestela, ezin azal daiteke nola daukadan hainbesteko buruko mina goizeko bederatziak ere ez direnean. 


Imaginatzen ari naiz jada: farmaziek ikaragarrizko negozioa egingo dute Leioako ikasleon kontura: aspirinen ekoizpena bikoiztu beharko dute. Diagnostikoa: obrek eragindako buruko min kronikoa.

Egun ona izan dezazuela denok, edo behintzat hobeto hasi dezazuela! Bestela, oroitu: koaderno eta liburuekin batera, aspirina kaxa bat sartu. Ez zaizue damutuko!

No hay comentarios:

Publicar un comentario