lunes, 21 de marzo de 2011

Oihartzun kontua

Giro ederra izan zen atzo Zubietan. 2000 lagun elkartzea zen helburua, baita bete ere. Dantzari, kantari, monitore, ikusle eta boluntarioen artean kopuru hori erraz gainditu genuen. Lady Gagaren kanta famatuaren lelopean moratoria eskatu genuen; erraustegiaren kerik gabeko airea arnastu nahi dugula aldarrikatu genuen.
Egiari zor, moratoria eskuratzeko itxaropenak handiak ez badira ere, harro egoteko modukoa izan zen atzo Zubietan antolatu zen ekitaldia. Horrelako gehiago antolatu beharko lirateke, dudarik gabe.

Espero daitekeen moduan, ekitaldiak oihartzuna izan du komunikabideetan. Berria eta Gara kazetetako web orrialdeetan bideoren bat edo beste ikusi daiteke; baita kronika irakurri ere. Gaur, astelehena izaki, Berrian ez dugu ezer irakurtzerik izan, baina seguru biharko egunkarian aipatuko dutela. Hala egin dute Gara egunkarian, bi orriko tartea eskainiz flash mob-ari. Nire harridurarako, Diario Vascon ere hitz egin dute atzoko ekitaldiari buruz, askoz tarte laburragoa eskaini badiote ere (gutxienez aipatu dute).

Telebista piztu dut. ETB1 jarri eta, tarte batez itxaroten egon ostean, aipamenik ez. Gogaituta, katez aldatu dut. Etxeko 2.katea jarri dut, ETB2 alegia. Hor ere ez. "Oraindik goizegi da", pentsatu dut. Gaueko ediziora arte itxarotea izango da onena. Iritsi da gaua, eta emaitza berbera izan da. Minutu ziztrin bat ere ez diote eskaini flash mob-ari. Triste, ohera sartu naiz. Astelehenean zeozer ikusiko nuenaren esperantzarekin, lo hartu dut.

Baina gaur ere, ezer ez. Telebista piztu eta sofan eseri naiz, ilusioz. Denbora galdu besterik ez dut egin. Gauean, berdin. Erabat zapuztuta, kausa logikoren bat bilatzen saiatu naiz mesprezuaren zergatia aurkitzeko. Neure munduan nebilela honakoa etorri zait burura: eta, kasualitatez, EITBko agintariak erraustegiaren alde baleude?

PD: Bideoa ikusteko: http://www.gara.net/bideoak/110320_flashmob/

No hay comentarios:

Publicar un comentario