Jose Mari Goenaga: «Ikuslearen ikuspuntutik behatuz antolatzen ditut nire lanak»
Zinema zuzendari ordiziarrak hitzaldi bat eman du Leioan, ‘Luzio’ izeneko dokumentala ardatz izanik
Iñigo Gonzalez
Jose Mari Goenaga zuzendari ordiziarrak hitzaldia eman du Leioako Gizarte Zientzietako fakultatean. Besteak beste, Luzio Urtubia igeltsero anarkistaren bizitzari buruzko dokumentala, bere ibilbide profesionala eta oraindik bukatu gabe dagoen proiektu bat izan ditu hizpide Goenagak; Kazetaritzako, Publizitateko eta Ikus-entzunezko komunikazioko 1.mailako ikasleen aurrean.
Mota guztietako dokumentuak faltsifikatzen zituen igeltseroari buruzko dokumentala izan da hitzaldiaren ardatza. 2007an estreinatu zuten luzemetraia, eta urte horretan bertan Goya sarietarako proposatua izan zen.
Zuzendari ordiziarrak Enpresaritza ikasketak dituen arren, «betidanik» gustatu izan zaio zinea. Gauzak horrela, 2000. urtean zine ikasketak egiten hasi zen Saroben –Urnieta-. Ikasketak bukatu ostean, 5 lagun bildu eta lan-talde bat osatu zuten, Moriarti. Egindako lanen kariaz izen ona lortzen joan, eta Irusoin taldearekin bat egin dute. Goenaga eta gainontzeko 4 taldekideak lanen egituraz arduratzen dira, eta Irusoin aldiz, proiektuak finantzatzeaz. Sahara Marathon izan da elkarrekin egin duten lehen proiektua.
«Zortea izan genuen taldea eratzen. Lan egiterako orduan, beti boston iritziak izaten ditugu kontuan», azaltzen du Goenagak. «Proiektu horretan sartu ginenean ez genuen zinemaz bizi nahi. Egin genuen lehenengo laburmetraia ondo atera zitzaigun eta bigarrenari ekin genion. Horrela jarraitu dugu, gaur egun arte».
Lan egiterako orduan, ikuslea «beti» hartzen duela kontuan azaldu du ordiziarrak, ikuslearen ikuspuntutik antolatzen dituela filmak. Horretaz gain, bere burua artisautzat jotzen duela azpimarratu du, ez artistatzat. Hori gutxi balitz, zine ikasketak egiten hasi zenean horretaz bizitzeko asmorik ez zuela ere komentatu du zuzendariak.
Hitzaldia bukatu baino lehen, proiektu berri batean lanean dabilela aitortu du ordiziarrak, «oraindik bukatu gabe» dagoena. Printze Txikia du izena, eta hurrengo astean estreinatuko dute Gasteizen.
‘Luzio’, hitzaldian protagonista
Zuzendari ordiziarrak azaldu duenez, Italiako zine jaialdi batean hartu zuten Luzio Urtubiari buruzko dokumentala egiteko ideia, zuzendari batek proposatuta. Gauzak horrela, proiektua diseinatzen hasi eta berehala protagonistarekin jarri ziren harremanetan, bere onespena jasotzeko asmoz. «Gogoan dut lehen bilerara urduri joan ginela, ez baikenekien zein izango zen bere erreakzioa. Zorionez, ideia bikaina iruditu zitzaion eta hasieratik inplikatu zen proiektuan».
.
No hay comentarios:
Publicar un comentario