lunes, 21 de marzo de 2011

Oihartzun kontua

Giro ederra izan zen atzo Zubietan. 2000 lagun elkartzea zen helburua, baita bete ere. Dantzari, kantari, monitore, ikusle eta boluntarioen artean kopuru hori erraz gainditu genuen. Lady Gagaren kanta famatuaren lelopean moratoria eskatu genuen; erraustegiaren kerik gabeko airea arnastu nahi dugula aldarrikatu genuen.
Egiari zor, moratoria eskuratzeko itxaropenak handiak ez badira ere, harro egoteko modukoa izan zen atzo Zubietan antolatu zen ekitaldia. Horrelako gehiago antolatu beharko lirateke, dudarik gabe.

Espero daitekeen moduan, ekitaldiak oihartzuna izan du komunikabideetan. Berria eta Gara kazetetako web orrialdeetan bideoren bat edo beste ikusi daiteke; baita kronika irakurri ere. Gaur, astelehena izaki, Berrian ez dugu ezer irakurtzerik izan, baina seguru biharko egunkarian aipatuko dutela. Hala egin dute Gara egunkarian, bi orriko tartea eskainiz flash mob-ari. Nire harridurarako, Diario Vascon ere hitz egin dute atzoko ekitaldiari buruz, askoz tarte laburragoa eskaini badiote ere (gutxienez aipatu dute).

Telebista piztu dut. ETB1 jarri eta, tarte batez itxaroten egon ostean, aipamenik ez. Gogaituta, katez aldatu dut. Etxeko 2.katea jarri dut, ETB2 alegia. Hor ere ez. "Oraindik goizegi da", pentsatu dut. Gaueko ediziora arte itxarotea izango da onena. Iritsi da gaua, eta emaitza berbera izan da. Minutu ziztrin bat ere ez diote eskaini flash mob-ari. Triste, ohera sartu naiz. Astelehenean zeozer ikusiko nuenaren esperantzarekin, lo hartu dut.

Baina gaur ere, ezer ez. Telebista piztu eta sofan eseri naiz, ilusioz. Denbora galdu besterik ez dut egin. Gauean, berdin. Erabat zapuztuta, kausa logikoren bat bilatzen saiatu naiz mesprezuaren zergatia aurkitzeko. Neure munduan nebilela honakoa etorri zait burura: eta, kasualitatez, EITBko agintariak erraustegiaren alde baleude?

PD: Bideoa ikusteko: http://www.gara.net/bideoak/110320_flashmob/

domingo, 20 de marzo de 2011

KaPuKo mugimendua

Badator aldizkarien munduan oihartzun handia izango duen mugimendua. Mugimendu horrek sukarra eragingo du, KaPuKO aldizkariarekiko sukarra; inor ezingo da kanpoan geratu. Hala ere, ez larritu, ez du A Gripe eta antzeko eritasunarekin zerikusirik. Aire freskoz kargatutako mugimendua, ilusioz, berritasunez eta gauzak ongi egiteko gogoz betetako mugimendua datorkigu gainera; KaPuKo mugimendua.

Galdetuko du norbaitek: zer da KaPuKO? Nondik datorkio izena?

KaPuKO KAzetaritza, PUblizitate eta ikus-entzunezko KOmunikazioko 1go mailako ikasle talde bat da. Haien klasean arnasten den giro ona profitatuz, aldizkari bat sortzea otu zitzaien urte honen hasieran, otsailean. Erantzun ezin hobea jaso zuen KAPUKO 31 taldea osatzen duten ikasleen partetik; berehala ekin zioten proiektua gauzatzeari. Beharrezkoak ziren bilerak egin dira, Unibertsitateko jendearekin hitz egin eta horiek ere oniritzia eman diote etorkizunez betetako proiektuari. Horrela jardun dute gaur arte.

Benetan harrigarria: sortu eta hilabetera 1go alea ateratzear dago. Eta zer nolako alea: Athleticeko entrenatzaile Joaquin Caparros, EITB albistegietako nazioarteko buru Mikel Reparaz eta Vendetta musika taldeko Pello Reparaz bezalako pertsonaiei egindako elkarrizketak, albisteak, erreportajeak (horien artean Cadena SERen jardunari buruz eginikoa, ezin duzue galdu!), bidaiak, errezetak, moda, zine txokoa... denetarik du aldizkariak. Eta onena etortzear dago: aldizkaria erabat doakoa da, momentuz PDF formatuan eskuragai izango duzuena. Beraien web orrira sartu besterik ez duzue izango eskuratzeko, esteka honetan klikatuz: http://www.kapukoaldizkaria.tk/

Ziur aski honaino iritsi ostean, harpidetzeko irrikitan egongo zara. Oso erraza da, aldizkariaren web orrialdean sartu eta harpidetza orria bete besterik ez duzu egin beharko. Harpidetza orrian zure izen-abizenak eta aldizkariaren PDF bertsioa zein helbide elektronikora bidaltzea nahi duzun jarri behar duzu, besterik ez. Ikusten duzunez, prozesu erraza eta konplikaziorik gabea.

Ez ezazu denbora gehiagorik galdu, egin harpidetza lehenbailehen, lehenengo alea hurrengo asteazkenetik aurrera (martxoak 23) izango baituzu eskuragarri!

Kapuko Aldizkaria

Jose Mari Goenagak gure fakultatera egindako bisita - Albistea

Jose Mari Goenaga: «Ikuslearen ikuspuntutik behatuz antolatzen ditut nire lanak»

Zinema zuzendari ordiziarrak hitzaldi bat eman du Leioan, ‘Luzio’ izeneko dokumentala ardatz izanik
Iñigo Gonzalez

Jose Mari Goenaga zuzendari ordiziarrak hitzaldia eman du Leioako Gizarte Zientzietako fakultatean. Besteak beste, Luzio Urtubia igeltsero anarkistaren bizitzari buruzko dokumentala, bere ibilbide profesionala eta oraindik bukatu gabe dagoen proiektu bat izan ditu hizpide Goenagak; Kazetaritzako, Publizitateko eta Ikus-entzunezko komunikazioko 1.mailako ikasleen aurrean.

  Mota guztietako dokumentuak faltsifikatzen zituen igeltseroari buruzko dokumentala izan da hitzaldiaren ardatza. 2007an estreinatu zuten luzemetraia, eta urte horretan bertan Goya sarietarako proposatua izan zen.

  Zuzendari ordiziarrak Enpresaritza ikasketak dituen arren, «betidanik» gustatu izan zaio zinea. Gauzak horrela, 2000. urtean zine ikasketak egiten hasi zen Saroben –Urnieta-. Ikasketak bukatu ostean, 5 lagun bildu eta lan-talde bat osatu zuten, Moriarti. Egindako lanen kariaz izen ona lortzen joan, eta Irusoin taldearekin bat egin dute. Goenaga eta gainontzeko 4 taldekideak lanen egituraz arduratzen dira, eta Irusoin aldiz, proiektuak finantzatzeaz. Sahara Marathon izan da elkarrekin egin duten lehen proiektua.

  «Zortea izan genuen taldea eratzen. Lan egiterako orduan, beti boston iritziak izaten ditugu kontuan», azaltzen du Goenagak. «Proiektu horretan sartu ginenean ez genuen zinemaz bizi nahi. Egin genuen lehenengo laburmetraia ondo atera zitzaigun eta bigarrenari ekin genion. Horrela jarraitu dugu, gaur egun arte».

  Lan egiterako orduan, ikuslea «beti» hartzen duela kontuan azaldu du ordiziarrak, ikuslearen ikuspuntutik antolatzen dituela filmak. Horretaz gain, bere burua artisautzat jotzen duela azpimarratu du, ez artistatzat. Hori gutxi balitz, zine ikasketak egiten hasi zenean horretaz bizitzeko asmorik ez zuela ere komentatu du zuzendariak.

  Hitzaldia bukatu baino lehen, proiektu berri batean lanean dabilela aitortu du ordiziarrak, «oraindik bukatu gabe» dagoena. Printze Txikia du izena, eta hurrengo astean estreinatuko dute Gasteizen.

‘Luzio’, hitzaldian protagonista

Zuzendari ordiziarrak azaldu duenez,  Italiako zine jaialdi batean hartu zuten Luzio Urtubiari buruzko dokumentala egiteko ideia, zuzendari batek proposatuta. Gauzak horrela, proiektua diseinatzen hasi eta berehala protagonistarekin jarri ziren harremanetan, bere onespena jasotzeko asmoz. «Gogoan dut lehen bilerara urduri joan ginela, ez baikenekien zein izango zen bere erreakzioa. Zorionez, ideia bikaina iruditu zitzaion eta hasieratik inplikatu zen proiektuan».



  







.

Paradoxa


A zer iskanbila sortu duen txakurraren aferak. Irainduak sentitu dira, akusatuak sentitu dira ABC kazetako kazetaria eta konpainia. Informazioaren eta kazetaritzaren printzipioak zikindu ditu akusatzaileak. Berehala esplikazioak eskatzen dituzte; "txakurra" hitza esaten duenari, IUko ordezkariari, barkamena eskatzeko exijitzen diote. Ez dute lo gustura egingo bestela. Gajoak.

Aldiz, kazeta batzuetan "presunción de inocencia" delako kontzeptua tokitan geratzen denean, inork ez du txintik ere esaten. Aldea baitago "4 ustezko ETAkide kartzelaratu dituzte" esan, edo zuzenean " 4 ETAkide kartzelaratu dituzte"; benetan ETAkoak diren edo ez jakin gabe akusatuz. Kazetaritzaren printzipioekin bat al dator hori? Horrek ez die ardura, gustura egiten dute lo gau horretan.

Paradoxa kuriosoa, inondik ere.


PD: Testuan "presuntos etarras" jartzen du, bai, baina ez hala titularrean. Jakina denez, titularra da albiste baten zatirik garrantzitsuena; are gehiago, zati hori baino ez da irakurtzen askotan. Atera kontuak hortik.

Musikak ez baitu bereizketarik egiten

Bai, gorrek ere musika senti dezaketelako.
http://www.youtube.com/watch?v=7jrRM7y8yHA

sábado, 19 de marzo de 2011