lunes, 30 de enero de 2012

Espagetiak 'bolognesa' erara

Azken hilabetea azterketetan murgilduta igaro ostean, iritsi da blog xixtrin honi amaraunak kentzeko ordua. Inspirazioak aspaldi utzi zion nigana inguratzeari, baina gaurkoan esfortzu txiki bat egingo dut (ez dudalako ezer hoberik egiteko).

Ez dakienarentzat, Lasarte-Bilbo-Lasarte (ez, ez da Kirmen Uriberen liburuaren kopia kutre bat) ibilbidea egiten dut astelehenetik ostiralera. Normalean, gainontzeko bidaiariak erabat ernegatzen ditut nire zurrunkekin, baina beste batzuetan momentu luzidoak izaten ditut eta nire garunaren makineria martxan jartzen dut.

Orain dela urte pare bat iritxi zen Bolonia izeneko ikasketa-plana gure unibertsitateetara. 92koak (beste behin) izan gara pastela irentsi behar izan dugunak, laborategian era guztietako sendagaien eraginkortasuna ikusteko erabiltzen diren sagu eta arratoiak.

Plan berri horrekin paradisua inoiz baino gertuago jarri ziguten. Momentu batez zerua hatz-puntekin ukitzera ere irits gintezkeen Bolonia planak zekarrena gauzatuz gero. Funtsean, plan berri horrekin arlo praktikoari, sormenari, ikaslearen talentuari bidea libre uzten zitzaion, azterketa pisutsuei jubilazioa emanez eta ikasleen asistentzia sustatuz. "Nola ez dira joango ba ikasleak klasera, planteatzen dugun eredu erakargarri honekin?", pentsatuko zuten ziur aski.

Pasa dira pare bat urte, eta orain arte eman den erreforma bakarra plana asmatu zuen espabilatu koadrilaren kontu korronteetan eman da. Erreforma horrek beste azpierreforma batzuk ere ekarri ditu: etxea, autoa... Hori bai, hezkuntza metodoari dagokionez ezer gutxi. Noizean behin praktikatxoren bat edo beste, irakasle ausarten batek zerrenda pasa eta kitto.

Erretolika guzti honekin esan nahi dudana da sistemaren mamiak berdin-berdina izaten jarraitzen duela. Kanpotik zertxobait makilatu bada ere, funtsean betiko istorioa errepikatzen da: azterketak, Perurenak altxatzen dituen harriak baino pisutsuagoak diren apunte sortak (konparatzeko, ikus Obelixek bizkarrean eramaten dituen menhirrak) eta ikasleak grabagailuak bailiran buruan sartutako guztia errepikatzen. Eta hori zertarako? Handik bi egunera den-dena ahazteko. Eta horrela behin eta berriro. Informazioa sartu, informazioa atera. Horrela dihoakigu. Benetan izaera kritikoa eta trebezia duten ikasleak sortu ordez, giza-erantzungailu automatikoak sortzen ari gara. Inporta zaigun (barkatu, kasu honetan pluralaren erabilera gaizki legoke, beraz, zaien) bakarra poltsikoak betetzea da.

Zeozer egiten ari denean erraz distraitzen naizen horietakoa naiz, eta kasu honetan ere berdin. Sukaldetik usain goxoa nabaritzen dut. Kuxkuxeatzera noa. Afaltzeko, espagetiak bolognesa erara. Obsesionatzen ari naizela uste dut...















No hay comentarios:

Publicar un comentario