Egia. Hori baino hitz
zabal eta abstraktuagorik, gutxi. Gure bizitzaren oinarrietako bat da egia
absolutuaren bilaketa, gizakia zergatik eta zertarako bizi den, zein
helbururekin eta zer arrazoigatik. Dena den, egia ez da soilik horretara
mugatzen. Grial Santua balitz bezala, denek egiten dute amets egia
kontrolatzearekin, egiaren jabe izatearekin.
Izatez, izaki
handinahia da gizakia. Guztiaren kontrola eduki nahi du, guztiari nahi dio
sorbalda gainetik begiratu. Herrialdeak eta bihotzak konkistatzen ditu
gizakiak, eta egia ere konkistatu nahi du, iritzi publikoa konkistatu nahi du.
Egiaren bilaketarako
tresna lagungarri gisa sortu ziren hedabideak. Izan ere, denok daukagu egiaren
jabe izateko eskubidea, demokraziak ez baitu teorian gizakien arteko
ezberdintasunik onartzen. Honek ere ezin zuen salbuespen izan. Kazetariak
izango ziren egia bilatuko zuten heroiak, aurkitu ondoren gizarteari helaraziko
ziotenak. Baina misio heroiko horren tartean, beste behin ere, inoiz inor
bakean uzten ez duen euli ipurtarin bat sartu zen, eta hedabideen zainetatik
odola zurrupatu zuen, baita hedabideak osatzen dituztenenak ere. ‘Interesak’
izenez ezagutzen da euli hori. Aldez aurretik biktima aukeratu eta zast! Ez du
hutsik egiten. Guztiak kutsatzen dira interesen birusarekin. Eta, gisa
horretara, interesek ere hedabideak kutsatu zituzten, albo kalte oso
garrantzitsuak eta konponezinak eraginez.
Interes horiek direla
eta (ikus iritzi publikoaren kontrola, boterearen jabetza, informazioaren
monopolioa, etab.) hedabideak igortzen zuten informazioa hautatzen hasi ziren.
Tarta osoa ematetik soilik zatitxo bat ematera igaro ziren. Euren bokadilo
tartean urdaiazpiko iberikoa sar zezaketela ikusi eta, mortadela herri
xehearentzat utzi zuten, beraientzat hartuz urdaiazpiko gozo hori. Egiaren zati
bat soilik ematen hasi ziren, zati txikiak eta askotan egi ere ez zirenak.
Gezurra sortu zen orduan. Baina zer da gezurra? Bai, egia ez dena. Baina askoz
ere gehiago da gezurra. Desinformazioa deiturikoaren giltza da gezurra.Gauzak
zekitena zekiten moduan kontatzeari utzi zioten. Hasieran, gezurra plazaratzen
zuten, baina errepikatzearen poderioz gezur hori egi bihurtzen zen, eta horrela
hamaika aldiz. Gezurretatik eraikitako egiak. Jeniala, ezta? Egi transgenikoak sortu
zituzten hedabideek, egi manipulatuak. Gezurraren hazitik ernetako egiak.
Gaur egun, interes
extrakomunikatiboak direla eta, informazioa emateari utzi diote hedabideek. Informazioaren
zati bat soilik ematen dute, beraiek nahi dutena, nahi duten moduan, nahi
dutenean. Txorakeria dirudi, baina sekulako boterea adierazten du horrek. Izan
ere, informazioa kontrolatuta daukanak boterea dauka. Informazioaren monopolioa
daukanaren inguruan ez da kritikarik irakurriko. Gizakia handinahia baita,
baina ez tontoa. Ez du bere irudia eta ondarea kaltetuko duen ezer idatziko, ez
du bere aurka egingo. Hori, berriro diogu, sekulako boterea edukitzea da.
Iritzi publikoaren kontrola edukitzea da. Zure inguruan dabilen informazio
guztia ona bada, hitz txarrik ez bada argitaratzen zure aurka, nork eraitsiko
zaitu boteretik? Ideia horrek zoratzen du gizakia, ideia horrek zoratzen ditu
hedabide guztiak.
Noski, egon badaude
tirania horren aurka altxatu diren ausartak. Hala ere, egunkari ezberdinak
irakurtzean, irratiak entzutean, telebistako albistegiak ikustean erotu egin
dira, hain ezberdina baita munduaren pertzepzioa kate batean edo bestean!
Horrek Ramon de Campoamor poetak esandakoa berresten du: “Ezer ez da egi ez
gezur; begiratzen den kristalak guztia baldintzatzen du”. Kristal ezberdinek
osatzen dituzte hedabideen eskaparateak. Bakoitzak bere egia eskaintzen du, oso
prezio onean. Trukean, egunkari horrekiko fideltasuna eta gai konkretu baten
inguruan irakurleak hedabidearen iritzi berberaren garapena jasotzen ditu.
Azkenean, hainbeste
egi eta informazioren gurutzaketaren eraginez, egia absolutuaren esentzia galdu
egin da. Mundu guztiak uste baitu berak duela arrazoi, eta gainontzekoak
mesprezatzen ditu horregatik, gerran hasten da herrialde bat bestearekin,
interesengatik. AEBak Irakekin gerran hasten badira, hedabide amerikarrentzat
beti egongo da irabazteko posizio ezinhobean AEBak, inoiz ez dute akatsik
egingo, soldadu amerikarrak hilezkor bihurtuko dira egun batetik bestera.
Berdin gertatuko da hedabide islamiarrekin. Hortaz, bi egi paralelo kontatuko
dira aldi berean. Eta inork ez du jakingo zein den benetako egia, eta zein
gezur ustela, orain arte jaso duen informazio pozoituak analisi ahalmena
ezabatu duelako euren burmuinetatik. Bakoitzak egi bat kontsumituko du, bere
egia, horretan sinetsiko du. Gertakariaren inguruan iritzi ezberdina dutenak
arbuiatu eta mesprezatuko ditu. Gerra amaituko da. Ondoren, beste bat hasiko
da. Hori da informazioaren ziklo infinitua. Denek dute arrazoi, denek dakite
egia, baina aldi berean inork ez daki ezer. Soilik itzalpean txotxongiloaren
hariak maneiatzen dituzten handi-mandiak mintzatu daitezke horren inguruan. Egun
batean, aspertuko dira apika, eta benetako egia ezagutaraziko dute,
txotxongiloa alde batera utziz.
Egun hori iritsi arte, erakusleihoak erreparatzen jarraitu behar, gure eguneroko dosiaren bila. Egi transgenikoak, guztiaren gainetik, adiktiboak baitira.